XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETB Iparraldetzen

1990eko azaroaren 11a. Hazparneko enparantzan. Munduko lehen gerlan hil ziren herriko semeen ohorez eraiki oroigarri inguruan frantses bandera andana bat gora aidean. Erdian, gerlako azken superbibiente hazpandarra. Guillaume Duhart. 102 urtekoa. Emozioz jota, ez ditu ez ahazten 1918.ean bizi, jasan eta sufritu mementu lazgarriak.

Hori filmatzen ari ginen bitartean, bertan zegoen orduko alkate ordeak zera esan zidan: interesatzen ahal zaio ETBri gertakizun hau? Urdin-xuri-gorria da hori!.

Bai jauna, erantzun nion, Iparraldeko historiaren atal garrantzitsua izan baita oroitarazten den unea. Ikusi besterik ez lehen gerlako oroitarri gehienetan euskaraz idatzi lerroak herri guztietan.

ETBko Baionako korrespontsaliari interesatzen zitzaion behintzat delako gertakari hau. Alde batetik ETB, Iparraldeko entzunikuslegoari zuzentzen baitzaio. Bestetik Hego aldekoek Iparraldea ulertu nahi baldin badute, Iparraldea den bezala ikusi behar baitute. Eta ez asmatu eta amestu existitzen ez den herri bat.

Iparraldeko euskaltasuna bainan baita ere frantsestasuna isladatu nahi genituen. Besterik ez. ETBko Baionako lantaldearen funtzioa ez baitzen xuri, gorri ta berdez Iparraldea koloreztatzea, baizik eta herri hau den bezala aurkeztea.

ETB telebista normala zela frogatu nahi genuen. Horren ondorioz frantses administrazioak ETB prentsaurrekoetara ere gomitatu behar zuela ikasi zuen. Iparraldeari buruz Frantziako agintariek hartu erabakiak interesatzen zitzaizkigun.

Zorionak ETBri! Xorittoak luzaz kanta dezan muga guztien gainetik! Euskaraz noski!